XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Etxezarretaren eritzia baliogabetzeko, zera leporatzen zion: Zuk (sumatzen dudanez) ez dakizu zer den bisemia, sinestesia, metonimia etab. gure poesian (13).

Datu labur honi interesgarri deritzot, zeren eta urte honen hasieran, hamar urte geroago, zera erantzuten bait dio F. J. Mendigureni, honek egindako erreseina bat dela eta: Zuk zer ote dakizu, agian, paisajismoaz, bisemiaz, sinestesiaz, irudi literarioen mamiduraz? Zer ote dakizu apartekorik poesiaren bilakaeraz? (14).

Baina eztabaida gogortxo horiez gain, izan dira beste batzuk, oso ezagunak, azken garaiotan.

Horien artean azpimarratzekoak dira, beren bortizkeriagatik, Mikel Hernandez eta Jon Juaristiren artekoa, eta berriz ere Mikel Hernandez eta Joxerra Gartziaren artekoa, biak Argia-ren orrialdeetan (15).

Azkenik, polemika sortu zuen beste kritika bat Pako Aristik inork ez daki ondo Saturno nobelari edo Arantxa Urretavizcaya beronen egileari Zabalik gehigarrian dedikatu zion artikulu gogor bat izan zen (16).

3. Euskal kritikoak Aurreko puntuan euskal kritikaren behin-behineko sailkapen bat egin dugun bezala, oraingo asmoa euskal kritikoekin gauza bera egitea da, azal-azaletik baino ez bada ere.

Goian ikusi dugu nolakoa zen kritikoen banaketa kritika-motaren arabera, orain beste era bateko sailkapena egin nahi izan dugu, agian oso sui generis, baina euskal kasuari dagokiolakoan gaude, alegia: kritiko amateur / kritiko profesionalak.

Termino hauek ez dira, noski, hitzez hitz hartu behar: profesional diogunean, esaterako, gai honetan aditutzat hartuei buruz, autoritateaz, ari gara; beren lana seriotasunez eramateaz gain, gero beren ahalegin horiek sarituak ikusi dituztenei buruz, eta gaur egun literatur edo kritika-usaina duten ekitaldi guztietan deituak izaten direnei buruz: aldizkari zein kongresu zein hitzaldi zein sariketetako epaimahaietan.